Saltar navegación e ir al contenido
Baluarteko argazkia jendez beterik
NAFARROA: GUZTION ARTEAN ETORKIZUNA ERAIKIZ
NAFARROA: GUZTION ARTEAN ETORKIZUNA ERAIKIZ ERAKUSKETA 2006/10/01 - 2007/01/07
HEMEN ZAUDE: Hasiera, Sarrera

Sarrera

NAFARROA: GUZTION ARTEAN ETORKIZUNA ERAIKIZ

01. Víctor Manuel Arbeloaren Sarrera (komisarioa)

Nola pentsatu, hitz egin eta idatzi ahal izan, herrialde edo eskualde baten etorkizunaz, alegia, herri, gizarte edo erkidego baten etorkizunaz?

02. Juan Carlos Díaz Vázquezen Sarrera (Zuzendari Sortzailea)

NAFARROA: GUZTION ARTEKO ETORKIZUNA erakusketa-proiektua hainbat xederi eta hainbat ikusle motari begira pentsatu, diseinatu eta ekoiztu da, eta diskurtso eta erakusketa-euskarri berbera erabili da.

01. Víctor Manuel Arbeloaren Sarrera (Komisarioa)

Nola pentsatu, hitz egin eta idatzi ahal izan, herrialde edo eskualde baten etorkizunaz, alegia, herri, gizarte edo erkidego baten etorkizunaz?

Iragana, oraina eta etorkizuna gara: gauzen eta pertsonen denboraren zatiketa teoriko eta, aldi berean, baliagarriak dira, hau da, gure bizitzaren kualitatearen muina den denbora ontologikoarenak. Denbora, izan ere, iragatea baita, bata bestearen ondoren etortzea. Ondorengotzan bizi gara. Hortaz, etorkizunera begira ez ezik, etorkizunera emanak gara, hasiera batean, bederen, gure aurrean zabaltzen den etorkizun itzel batera emanak. Hori eta horrenbestez, badugu esatea izatez, etorkizunerako bizi garen gizaki etorkizunekoak garela, maiz iragana ekarri eta gogoan hartzen badugu ere, edota, une batez eta kili-kolo, orain iheskorrean bermatzen bagara ere.

Are gehiago: etorkizuna proiektu gisa bizi dugu (pro-jicere: jaurti, aurrera bota). Proiektil hitzaren erro bera da. Jaurti egiten gara, disparatu egiten gara, garen, dugun eta nahi dugun guztiarekin bota ere, etorkizunerantz. Hortik pro-iektuak oro aldi berean a-bentura izatea.

Berez gizakiarena den etorkizunak osagai bikoitza du bere baitan: berritasuna, zeinak xarmagarri eta are liluragarri bihurtzen baitu, eta jarraikortasuna, izan ere, horrenik gabe etorkizuna arrotz eta besteren bailekieke orainari eta iraganari, ez bailukete hartara deus ikustekorik harekin. Eta hain desiragarria dugun berritasunaren eta geu garenaren eta egiten dugunaren jarraikortasunaren artean, hor doa, urduri beti ere, gure bizitza denborazkoa, norberarena eta guztiona, iragana eta oraina bizkar gainean eta etorkizuna tema eta akuilu ditugularik.

Erakusketa honek gure zentzumen guztiez murgilarazten gaitu egun Nafarroa deitzen den lurralde honetan, aldi berean atlantikoa eta alpinoa, mediterranearra eta kontinentala, txikia baina oparoa eta joria erliebean, kliman, landaredian eta faunan, eta bidenabar erakusten digu non jokatzen ditugun nafar gehienok gure etorkizuna. Lehen aldiz -egun dakigunaren arabera- orain ehun mila urte lekutu zen hemen homo erectus delako hura, eta geroztik gure arbasoek eta guk geuk jaso dugu natura eta giza ondare oparoa eta anitza, eta horixe bera eman behar diegu, biderkatua eman ere, gure ondorengoei. Gurekin batera, gureak ere badiren komunitate zabalagoetan bizi diren beste pertsona anitzekin batera.

Izan ere, anitz jaso genuelarik, anitz ere birsortu behar baitugu –tradizioa aurrerapenean– geure egin, hura hobetuz eta eraldatuz, geure Komunitatea (Foruak eta Hobekuntzak sinbolizaturik) den honen beharren eta gogoaren arabera, horrexek egin baikaitu, neurri handian, garen modukoak. Artearen, irudiaren, soinuaren eta sinboloen hizkuntza sinesgarri eta unibertsalaren bidez, ez zaigu aurkezten paisaia eder biluzirik -ez da paisaiarik ez eta herririk ere herritarrik gabekorik, gizakiaren zantzurik gabekorik-, aitzitik ere, elkar-bizitzaren ortzemugak aurkezten zaizkigu, herritarren herriak, komunikazio sareak, nekazaritzako alorrak eta azienden bazkalekuak, edota industria eta merkataritza egituren euskarriak.

Eta gizakiak moldatutako natur-ingurune horren loratze goren gisara, gizaki langile eta kultuaren, espiritual eta erlijiosoaren sormen-lanen hautaketa joria, garai ilunenetatik hasita gaur eguneraino: trikuharriak, akueduktuak, zubiak, bideak, herriak eta hiriak, eliza erromanikoak eta gotikoak, gazteluak eta jauregiak, udaletxeak, lantegiak eta ospitaleak, eskolak eta unibertsitateak, museoak eta kontserbatorioak, pilotalekuak eta kiroldegiak...

Nork egin dugu eta Nor egiten ari gara hau guzti hau? Guztiok, argi dago, zeu ere bai, bisitari eta irakurle maite hori. Hemen gizarte guztia da protagonista. Eta bakoitza berean ari dela, ahal duen edo nahi duen eta badakien horretan. Bere pentsatzeko, maitatzeko, sinesteko eta sentitzeko erarekin. Bere hizkuntzan. Horregatik da Erakusketa hau guztiona bezain zeurea. Ez zara heldu deus arrotzik ikustera, zeurea dena baizik, zeure eta zeureen bizitza. Hala, etorkizunera begira, proiektu eta aurrerapen gisa bizi dugularik etorkizun hori, segida emanen diogu guztion eginkizunari, zientziak eta teknikak, filosofiak eta zuzenbideak, literaturak eta arteak, moralak eta gure garai hauetako espiritualitateak –zibilizazioa deitzen dugun horrek– egunez egun eskuratzen dizkiguten tresnak erabiliz. Eta guztia guztion artean, inspiratzen gaituen eta goiburu dugun leloak dioen moduan.

Nola egiten ari garen erakusten digute, artearen erara betiere, hainbat zeinuk eta irudik –komunikazio bide zuzenak, eraginkorrak eta unibertsalak– hor ikusiko baititugu gure langileak, enpresaburuak, etxekoandreak, espezialistak, profesionalak, ikasleak, irakasleak, zientzialariak, kirolariak, borondatezko lankideak, misiolariak... emakumezko nahiz gizonezko, ume, gazte, heldu nahiz zahar, hemen edo han jaiotakoak, kolore honetakoak edo bestelakoak, bakoitza bere lekuan lanean, ikasten, ikertzen, lankidetzan edota astialdian ari delarik. Hau da, sormenean eta bizitzan.

Eta norendako hainbeste joan-etorri, gazi-gozo, esperatu eta esperimentatu, horixe baita, azken finean, gure bizitza bakarkakoa eta taldekakoa? Arte Viva Fundazioak modu berritzailean eratu duen Erakusketa osoak argi erakutsi nahi du, hasieratik amaieraraino, gure etorkizuna guztiona dela, era berezian ahulen eta minberagarrien direnentzat. Egunero esanen digute hauxe, hitz logiko eta burutsuen bidez, Hezkuntza Proiektuko tailerretan. Eta hogeita sei aditu nafarrek, beren gaitasun tekniko-zientifikoagatik aukeratutakoek, ematen digute, Katalogo honetan bertan, beren ikuspegia, bakoitzak bere espezialitatetik.

Guztion zorionerako. Izan ere, Aristotelesen Metafisikatik eta Joanes Deunaren Ebanjeliotik ziurtatu zigutenez, zoriona eta bizi-oparotasuna baitira gizakiaren helburu.

Garapen-indize guztietatik harat, horien arabera gu oso goiti gaudelarik Espainian eta Europan, inkesta globala egin berri da, egun hauetan gaurkotasun handikoa, “zorion-indizea” delakoaz galdetzen duena, NBEko herrialde guztietan. Izanen ahal du aukera, etorkizuneko Nafarroako Gobernuak bere unean aginduko duen honen moduko etorkizuneko Erakusketako etorkizuneko Komisarioak, izanen ahal du aukera, apaltasun harroaz esateko Nafarroa, datu sinesgarriak erabilita, munduko lehen postuetan dagoela! Guztion lanari esker izanen da.

Víctor Manuel Arbeloa
Komisarioa

02. Juan Carlos Díaz Vázquezen Sarrera (Zuzendari Sortzailea)

NAFARROA: GUZTION ARTEAN ETORKIZUNA ERAIKIZ erakusketa-proiektua hainbat xederi eta hainbat ikusle motari begira pentsatu, diseinatu eta ekoiztu da, eta diskurtso eta erakusketa-euskarri berbera erabili da.

Baluarten aurkeztu den edizio honetan, Erakusketa bereziki nafar jendeari zuzendu zaio, bai eta Nafarroan bizi diren pertsonei ere; eta helburu ugari ditu:

Erakusketaren adierazpidea hiru argazkien bidez: Natura, Lurraldearen Kudeaketa eta Ezaguera eta Ikerketa
Erakusketaren adierazpidea hiru argazkien bidez: Natura, Lurraldearen Iraunkortasuna eta Ezaguera eta Ikerketa

PBaina proiektu hau, era berean, estrategikoki eraiki da Foru Komunitatearen Marka Irudiaren Kanpaina bat bezala, eta azpimarratu egin da bai teknologia, bai Nafarroan bizi diren pertsonak, bere ondarerik hoberenak direlakoan. Horrela, Erakusketa, dela modu ibiltarian, dela moduluka, Nafarroa beste Autonomia Erkidegoetan, beste herrialdeetan eta beste foro batzuetan (Uraren Expo erakusketa Zaragoza 2008; Fitur; merkataritza eta/edo kultur sustapenak kanpoaldean, etab.) sustatzeko lanabesa.

Aurrekoaren ondorioz, ahalik eta gehien errentagarri bihurtzen da lan honetan egindako inbertsioa. Beti zorroztasuna, pluraltasuna eta errepresentatibitatea gogoan, elkarlanean aritu dira erakundeak, unibertsitateak, zentro teknologikoak, enpresak, adituak, profesional independenteak eta kaleko jendea. Guztira, 12.000 baino gehiago.

Ziur gaude, ez dela oroitzapen hutsa eta katalogo huts bat izanen proiektu honetaz iraunen duena. Horrela Guztion Ondarea dira erakusketa osatzen duten argazkiak eta ikus-entzunezkoak, gehienak Nafarroako enpresek eta pertsonek egindakoak –beren ikuspegia eman dutenak–. Une honetako gizartearen eta bere kezken erregistro dokumentala da, soilik errealitateak erakusten dituena eta, espero dezagun, Nafarroa osatzen duten herritarren auto-estimua finkatzeko balio izatea, bai eta hemen bizi ez direnengan interesa pizteko balio izatea ere.

Museografiaren ikuspegitik, erakusketa berritzailearen aldeko apustua egin dugu. Zeharrezko diskurtso ugariz osatua, huraxe bisitatzen duen pertsona bakoitzaren buruan eraiki beharra dago, erakusketa bera osatzen duten mezuak saretuz. Hein handian, bisitarien esku dago gozatuko duten esperientzia eta informazioaren lorpena.

Izanen da hemen ukitu ez diren Nafarroako gauzak, gaiak eta aspektuak faltan botako dituenik. Baina, Nafarroa eta bere Etorkizuna erakusketa batean ixtea, asmo handinahia izateaz gain, guztiz ezinezkoa ere bada.

Erakusketa honetan irudiak –bai finkoak bai mugimenduan ari denak– du toki nagusia, horixe delakoan komunikazio biderik zuzenena, eraginkorrena eta nabarmenena. Modu berean, ikurrak behin eta berriz erabiltzen dira han eta hemen. Halaber, hainbat informazio maila daude, betiere elementu eta erakusketa-sistema berdinetatik abiatuta, hori guztia irakurketen pluraltasuna sustatzeko xedez, eta ikusle mota guztiek bere izaerarekin bat datorren keinu bat aurki dezaten.

Bisitariarengandik espero den bakarra da jarrera eta burua irekiak izatea, Nafarroan barna egin den ibilaldi honetan barneratzeko eta bere diskurtsoa eraikitzeko, garaia baino lehenagoko ondoriorik gabe, eta erakusketa hautematea lausotu dezaketen aurreiritzirik gabe. Halaber, gomendatzen dugu nahi adina aldiz bisitatzea eta/edo posible den guztietan, eta gomendatu, halaber, gaur gai edo aspektu hari erreparatzea, eta bihar beste hari.

Azkenik, eta amaiera gisa, nabarmendu behar da proiektu hau zintzotasunez eta independentzia ideologikotik eraiki dela ia hiru urtez, eta Foru Komunitate osoari zerbitzu egitea izan dela bere xede bakarra.

Juan Carlos Díaz Vázquez
Zuzendari Sortzailea

ARTE VIVA FUNDAZIOA